La Perla eta Loretope artean dauden Kontxako baranda-zatiak ordeztuko dituztenak Portugalgo Porto herriko galdategi batean fabrikatzen ari dira.
Duero ibaiaren ertzean, Companhia Industrial de Fundiçao enpresa, 123 urteko tradizioa duena, Kontxako baranda enblematikoaren berrogeita hamar zati fabrikatzen ari da, arreta berezia jarrita, kontuan hartuta Donostiako elementu esanguratsuenetako bat dela.
Hiri Proiektuetako zinegotziak, Marisol Garmendia sozialistak, fabrika bisitatu du, baranda sortzeko artisau-lana tokian bertan egiaztatzeko. ”Egia esan, Kontxako baranda egitea hasieran dirudien baino konplexuagoa da. Kalitate-berme guztiekin egin behar dugu, beste mende bat iraun dezan, aurrekoak bezala. Porton galdategi hori aurkitu izana zorte handia da, mimoz egindako artisau-lana ziurtatzen baitu eta emaitza ezin hobeak izaten baititu. Ziur gaude baranda zati berriak bikain geldituko direla pasealekuan jarrita”, adierazi du.
Urtarrilean hasiko da La Perla eta Loretope arteko baranda zatiak ordezkatzeko prozesua. Bi fase izango ditu. Lehena urtarrilean hasiko da, eta 1,5 milioi euroko aurrekontua du. Orduan, Loretopeko tunelaren eta Bigarren Mendeurreneko Balkoiaren (Eduardo Chillidaren “Omenaldia Flemingi” eskultura duena) arteko zatia berrituko da. Bigarren faseak tarte luzeagoa hartuko du, eta La Perlaraino iritsiko da. Ehun bat baranda-zati ordezkatuko dira. Laster aterako da lizitaziora fase hau, eta badu dagokion aurrekontuko dotazioa.
Barandaren aldaketa, 1916an jarritakoa ordezkatzeko, 2004an hasi zen, Nautikoaren eta hondartzara jaisten den lehen arrapalaren artean. Joan den urtean Kontxa pasealekuko tartea berritu zen eta orain falta den zatiari ekingo zaio, Antiguako tuneleraino iristeko. Marisol Garmendiak adierazi duenez, “1916ko barandaren zati bat Kontxa pasealekuan uzteko aukera aztertzen ari gara: leundu eta margotu ondoren, jatorrizko eskudelaren oroitzapen gisa utziko genuke, beharbada, plaka batekin”.
Baranda fabrikatzeko lan guztiak Tecnaliaren kalitate-kontroletatik pasatzen dira, eta, behin gainditu ondoren, Oviedora bidaltzen dira margotzeko, gero Kontxan jartzearren.