Espartxoko zubi berriaren obrak beste fase batean sartuko dira datorren astean; orduan jarriko dituzte bi estriboen arteko lau habe metaliko handiak.
Hiri Proiektuetako zinegotzi Marisol Garmendia sozialistak adierazi duenez, “prozesu garrantzitsua da hori, habe horiek eutsiko diotelako zubi berriaren taulari, eta haren gainetik pasatuko dira gero ibilgailuak eta oinezkoak. Taula jarritakoan —azaroaren amaiera aldera-edo—, behin-behinean irekitzeko moduan izango da zubia, trafikoa pasa ahal izateko eran. Hori egindakoan, oinezkoentzako espaloiak jarriko dituzte, zubiaren kanpo aldera airean aterata.”
Zubi zaharra botatzea izango da azkeneko lana. Astebete-edo pasako dute horretan, eta, hala, urtarrilaren azken alderako, eginda izango da obra osoa. Zubi berriak ez du oinik ibaian, 60 metro da luze eta 2,5 milioi euroren aurrekontua du.
Lau habe handiak jarri ahal izateko, ez da zubi zaharretik pasatzerik izango. Azaroaren 4an, 5ean, 6an eta 7an itxita izango da.
Marisol Garmendiak adierazi duenez, “zubi berriak izango duen egituraren habe nagusiak jartzeko itxi behar da zubi zaharra; habe handiak dira, eta garabi handiak behar dituzte habeak zubiaren bi muturretan jarri ahal izateko; eta zubia itxita, ez da herritarrentzat ezeren arriskurik izateko modurik izango”.
Hori dela eta, hilaren 4ko 09:30etatik aurrera ez da ibilgailurik pasatzerik izango Kristobaldegi pasealekutik Ubako bidera bitartean Espartxoko zubitik. Horrela, lehen orduan ikastetxe eta lantokietara joateko modua izango da. Ordutik hilaren 7ko 18:00ak arte, Ubegiko zeharbidetik egin beharko da, 27. poligonotik Garberara doan bidetik, Ubako bide aldera joan nahi bada.
Nolanahi ere, oinezkoentzako pasabide txiki bat gehienean irekita izango da zubian. Pasabide hori itxi egingo da, ordea, habeak altxatzeko aurreneko maniobrak eta beste maniobra bereziren bat egin bitartean.