Hasi dira Maria Cristina zubiaren apaindura zaharberritzeko lanak, eta aldamioa jada jarrita dago, zubiaren elementuetan lanak egin ahal izateko. Lanek zortzi hilabete iraungo dute. Lehenik, zubiaren alde batean egingo dira, eta, gero, Frantziako pasealekuaren ondoko aldean.
Hiri Proiektuetako zinegotziak, Marisol Garmendia sozialistak, adierazi duenez, helburua da “bere irudi ikusgarria itzultzea hiriko zubi enblematiko horri. Zubia Urumea ibaiaren gainean daudenetatik monumentalenetako bat da eta hiriko sarreretako batean dago −trenez nahiz autobusez etorrita−, baina orain ez du ahalik eta itxurarik onena”.
2017an, obra batzuk egin ziren Maria Cristina zubian, denboraleen ondorioz haren egitura konpondu behar izan zelako. Orain zubia berezia egiten duten bere elementu apaingarriak zaharberritzen ari dira. Lau obeliskoetako bat, Urumea pasealekuaren hasieran dagoena, zaharberritze-prozesuan dago jada, aldamio batez estalita, eta lanak egiten hasita daude.
Marisol Garmendiak esan duenez, “zaharberritze-lanetan, gatzak, hegaztien gorotz-hondarrak eta azken urteotan egindako obrak direla eta atxikitako hautsa garbituko dira. Bestalde Jose Luis Larrañaga Arte Ederretako adituak egindako txostenaren arabera, jariatzeak, zartadura txikiak eta pitzadurak hauteman dira zubiaren elementuetan, bai eta landare-kolonizazioa eta akats batzuk ere, zubiraino iristen diren denboraleek eraginda, besteak beste. Esku-hartze honek akats horiek guztiak konponduko ditu”.
Zubiaren apaindura zaharberritzeko obraren xehetasun esanguratsuetako bat izango da urre-kolore distiratsua emango zaiela lau obeliskoak koroatzen dituzten lau metroko lau zaldizko eskulturei, Bakea eta Aurrerapena irudikatzen dituztenei. Lan horretan, Ancora Ondarea Babesteko Elkartearen laguntza izango da. “Angel García Díezen obrak dira, eta Parisko Alexandro III.aren. zubia apaintzen duten eskultura-taldeetan inspiratuta daude. Berriro ere, elementu nabarmena izatea nahi dugu, eder ematea eta distira egitea, Europako elementu eskultoriko askorekin gertatzen den bezala”, adierazi du Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak.
Honako hauek ere zaharberrituko dira: zeramikazko armarriak, zeramikazko dragoiak, obeliskoetako kristalak, zubiaren baoetako eskulturak, balaustradako burdinazko dragoiak eta farolak, Mariano Benlliureren obra.
Obrak 8 hilabete iraungo du, ondo bidez. Aurrekontua 605.962 euro dira.
Maria Cristina zubia 1905ean inauguratu zen. 1984an konponketa integrala izan zuen eta 1985eko urtarrilaren 20an berriz inauguratu zen. Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Berezian babestuta dago, F mailarekin.