Donostiako alkatetzarako hautagai sozialistak, Ernesto Gascok, iragarri du Enplegu Plan espezifiko bat sortuko dutela hiriko batez besteko langabezia-tasa baino altuagoa duten auzoetarako.
Gascok kanpaina-ekitaldi bat egin du Larratxon bere hautagai-zerrendako beste kide batzuk lagun zituela. “Lau urte honetan enplegu-plan bat sortu dugu eta, haren bidez, 1.000 lanpostu berri sortu ahal izan dira urtero”, Gascok adierazi du. “Bilduk alkatetza utzi zuenean, langabezia % 13 zen Donostian, eta orain tasa hori % 8an egonkortzea lortu dugu. Ez da nahikoa, baina bide onetik goaz”.
Alde horretatik, esan du “hiri osoak ez duela egoera berdina. Hiriko ekialde eta hegoaldeko auzoek hiriaren osotasunak baino langabezia-tasa altuagoa dute. Horregatik, hurrengo legegintzaldiko gure ahaleginak egoera hori arintzera bideratuko dira, Donostiako auzo horientzako enplegu-plan espezifiko baten bidez, kalitatezko enplegurako”.
Hautagai sozialistak nabarmendu du, gainera, alkate hautatzen badute egingo duen beste gauza bat dela Donostiako auzo guztietan zerbitzuen kalitatea hobetzea. “Hemen, Larratxon, aparkatzea da betiko arazoetako bat. Ez Bilduk, ez EAJk, ez dute ezer egin hura konpontzeko. Guk proposatzen dugu Irale eraikinaren atzean aparkaleku bat egitea, 4 solairukoa, 120 plazako edukieraduna; horrek, zalantzarik gabe, hobetu egingo du une honetako arazoa”.
Gainera, lehengo Rich fabrikaren inguruneko hirigintza berroneratzeko akordio baten berri eman du, eta berehala, “bi aste eskasetan”, Larratxoren eta Altzako herrigunearen arteko igogailu oker berria egiteko obrak hasiko direla, 2 milioi euroko aurrekontuduna eta zailtasun guztiak gainditu dituena, Rajoyren agintaldian Kontratu Lege berria onartu zenez geroztik.
Ernesto Gascok bakarrik bizi diren 65 urtez gorako pertsonei arreta emateko plan bat ere iragarri du, haien ingurunearekin, bizilagunekin, harremana gal ez dezaten. “Haien etxeetan bizitzen jarrai dezaten nahi dugu, betiko dendetan, seguru sentitu ahal izatea. Horregatik, programa honen bidez, bilatzen dugu gizarte-zerbitzuek pertsona horiei beharrezkoa zaien laguntza, akonpainamendua, bermatzea. Pertsona haientzako adiskidea den udala nahi dugu”.
“Sozialistak betiko tokian gaude, auzoetan, jendearen bizi-kalitatea hobetzen”, adierazi du Gascok. “Bozkatzea garrantzitsua da gauzak aldatzeko, erakundeak zuekin gogoratzeko”, bukatu du.