Laguntza, zerbitzu eta programen multzoak Donostia UP! 2016 Planaren hiru ardatz nagusiri erantzuten die: pertsonak, enpresak eta auzoak. Lehen laguntza-sorta handia Donostian jada sortutako enpresa berritzaileentzat da, potentzial altua dutenentzat; hots, sektore emergenteetan egin behar dute lan, kalitatezko enplegua sortu eta nazioartera ireki. Etorkizunera begira, enpresa ekarletzat hartzen dira, hirian enplegua sortzeko eta ekonomia garatzeko. Hori dela-eta, neurri espezifikoak diseinatu dira, talentudun pertsonak kontratatzeko, nazioartekotzeko, sare-lana egiteko eta bezero berriak lortzeko. Donostian, zerbitzu aurreratuko 4.800 enpresak osatutako ehun garrantzitsua dugu; ikerkuntzan inbertitutako 5 eurotatik 3 bere gain hartzen dute. Hona hemen aipatu laguntzak (guztira, milioi 1 euro):
• Talentu berritzailea. 10.000 €-ra bitarte 35 urtetik beherako pertsona kualifikatuak kontratatzeko, proiektu berritzaileak garatzeko.
• Esperientzia programa. 8.000 €-ra bitarte 45 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko, lehiakortasuna hobetzeko proiektuak garatzeko.
• Bonu Teknologikoak. 12.500 €-ra bitarteko laguntzak Tecnaliak, Biodonostiak eta IK4 Aliantzara atxikitako zentroek (Cidetec, Vicomtech eta CEIT) emandako aholkularitza-orduetarako.
• Innplanta laguntzak. 4.000 €-ra bitarteko laguntza salmentetan inpaktua duten proiektu estrategikoak garatzeko, hiriko enpresa txikientzat (autonomoak barne).
Laguntzak eskatzeko epea ekainaren 30ean amaituko da. Laguntza horiei dagoeneko abian diren beste neurri batzuk gehitu behar zaizkie:
• Keiretsu Finantzaketa Foroa. Finantzaketa eta inbertsioa behar duten proiektuak aurkezteko, aurten hiru foro egingo dira, eta horietan Donostiako enpresek inbertsiogile pribatuekin harremanetan jartzeko aukera izango dute. Hautagaiak aurkezteko epea maiatzaren 18an amaituko da. Foroa ekainaren 9an egingo da Talent Housen. Urteko bi foro egingo dira proiektuak aurkezteko (iraila eta azaroa).
• Oinarrirekin hitzarmena. Abalen funtsa sortzen da (dagoeneko martxan da), finantzaketa errazago eskuratze aldera. 1,5 milioi eurora bitarte Donostiako enpresen proiektuetarako.
Horrez gain, Donostiako Sustapenak martxan ditu berrikuntzarako zerbitzuak: produktu berrien garapena, bideragarritasun eta finantzaketaren analisia eta nazioartekotzea.
Donostia UP! Planaren beste helburuetariko bat da enpresa berriak sortzea bultzatzea. Gu bizi garen hirian, kultura ekintzaileak indar handia du. Donostiako Sustapenean urtero 1.200 pertsona igarotzen dira, eta horien %30ak enpresa sortzen du; hau da, urtean 300 enpresa berri sortzen dira Donostiako Sustapenaren eskutik (%80ak bizirik jarraitzen du bigarren urtean eta %55ak bosgarren urtean). Aurten, 800.000 € jarriko dira ondorengo ekintzetarako:
• Enpresa berriak sortzeko laguntzak (JEZ alta): 1.200 € lanpostu berri bakoitzeko oro har, eta 500 euroko laguntza hurrengo bazkidearentzat. Laguntza horiei %20a gehituko zaie lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen kasuan: emakumeak, 30 urtetik beherakoak, 45 urtetik gorakoak, langabezian daudenak, etorkinak eta ezgaitasuna duten pertsonak.
Gainera, ondorengo hobariak daude:
• Enpresa berritzaile berriak sortzeko hobaria (JEZ alta): 3.000 € lehen bazkidearentzat eta 1.000 euroko laguntza bigarrenarentzat. Laguntza horiei %20a gehituko zaie sektore estrategikoekin zerikusia duten enpresak izanez gero.
• Negozio berrien alokairuentzako hobariak, bereziki hiriko ekialdeko zonako auzoetarako: Altza, Intxaurrondo, Loiola-Txomin-Martutene, Egia eta Amara. Laguntzak 2.000 €-ra bitartekoak izan daitezke auzo horietan eta 500 €-koak hiriko gainerako auzoetan.
• 300 €-ko hobaria 0 eta 3 urte arteko seme-alaben haurtzaindegirako, enpresa-plana egiteko denboraldian.
• Finkatzearen gaineko hobaria:: 1.000 € duela urtebete sortutako enpresentzat.
Halaber, laguntza horiei jadanik aktibo dauden beste neurri batzuk gehitu behar zaizkie:
• EKIN+: gehienez hiru urteko antzinatasuna duten enpresen proiektuak bizkortzeko programa. Adituen prestakuntza pertsonalizatua eskainiko zaie, hilean 750 €-ko zuzkidura ekonomikoa eta hiriko enpresa ekarleen eskutik mentorizazioa proiektua heldutasunera eramateko. Eskaerak aurkezteko epea irekita dago, eta maiatzaren 24an amaituko da. Aurten, honako kolaboratzaile hauek ere izango ditugu: Oinarri, Banco Sabadell, Emprendiza talde inbertitzailea eta DSSINNOVA 2016 Komunitateko enpresa mentoreak (Ikusi, Tecnalia, IeTeam, Lanik, Ikor, Kirolbet, TAK Learning, Azti Tecnalia, Ikertalde eta BSK).
• YUZZ. Donostiako 20 ekintzaile gazteri prestakuntza, laguntza eta aholkularitza eskaintzen dien programa aktiboa. Irabazlea Silicon Valley-ra joango da ekintzailetza bultzatzeko bere sistema ezagutze aldera.
• Donostiako Ekin Soziala. Irabazi ekonomikoaren gainean inpaktu sozialari/iraunkorrari lehentasuna ematen dioten ekintzaileentzako edo enpresentzako aholkularitza espezifikoa da; horiek baliabide berritzaileak sustatzen dituzte, eta ez daude laguntza publikoen mende.
Halaber, abian dira Donostiako Sustapenaren egoitzan, Kamino kalean, ekintzaileei eskaintzen zaizkien laguntza-zerbitzuak.
Enpresa berriei zuzendutakoentzako epea urtearen amaieran amaituko da. Oinarriak eta laguntzei buruzko informazio guztia ondorengo web orrian kontsulta daiteke: www.fomentosansebastian.eus