Marisol Garmendia Sustapen Ekonomikoko zinegotziak adierazi duenez, “ekimen hau sortu dugu gure hirian nekazaritza-sektorea aktibatzeko eta nekazaritza-proiektu bat kudeatzeko prest dauden ekintzaileei lan-eskaintza bat emateko. Hala, lurra lantzeko eremu eta azpiegiturak, lurra lantzeko tresnak, nekazaritzako prestakuntza teknikoa eta produktuak merkaturatzeko laguntza eta aholkularitza eskaini dizkiegu. Horrekin, bi helburu lortu nahi ditugu: batetik, autoenplegua sustatzea eta, bestetik, merkaturatzera bideratutako baratzako produktuen tokiko ekoizpena areagotzeaâ€.
Auditz Akularren (Altza) daude sei partzelak, eta 2,7 hektareako eremua okupatzen dute, 4.000 eta 6.000 metro koadro arteko sei partzelatan banatuta. Ur-hornidura, 380 metro koadroko negutegi bat eta ibilgailu mekanikoentzako sarbidea dituzte guztiek. Horrez gainera, nekazaritza arloko aholkularitza teknikoa eskaini zaie erabiltzaileei, baratzak martxan jarri ahal izateko.
Nekazaritza arloko bost ekintzailek ustiatzen dituzte sei partzelak: 30 eta 60 urte bitarteko lau gizonezko eta emakumezko bat. Donostian bizi dira guztiak, eta gehienek esperientzia dute nekazaritzan. Horietatik bik unibertsitate mailako ikasketak dituzte, eta batzuek nekazaritza arloko prestakuntza-ikastaroak egin dituzte. Partzeletako bat Cáritasek kudeatzen du, gizarteratze-lanetarako.
Urban Lur programaren bitartez, nekazaritza-partzelak lagatzen dira hiru urterako. Alokairuprezioarekiko % 100eko hobaria lor daiteke lehenengo urtean. Donostian kontsumitzen diren baratzako produktuen % 3,75 bakarrik ekoizten dira hirian. Hain zuzen, horregatik jarri zen martxan Urban Lur programa, eta, horrez gainera, irteera bat eskaintzen die ekintzaileei eta langabetuei, zeintzuk lehentasuna baitute emakumeek bultzatutako proiektuekin edo ekoizpen ekologikoaren alde egiten dutenekin batera. Hori dela eta, hirian nekazaritza eta, halaber, barazkien autohornikuntza sustatzea da programaren helburua.