Donostiako hondartzek ohiko zerbitzu eta ekipamenduekin ekin diote aurtengo denboraldiari. Aurtengo berritasunetako bat armairu txiki batzuk jarri izana dugu, eta zaindegi modura, ordulariak, mugikorrak, giltzak eta beste tresna txiki batzuk uzteko aukera ematen digute, itsasoan bainu bat hartzen dugun bitartean.
Miguel Angel Diezek, hondartzez arduratzen den zinegotziak, adierazi du “armairu horien funtzionamendua erraza dela: aldagela kolektiboen harrera mahaietan, eta aurrez 5 euroko bermea jarrita, eskumuturreko giltza bat eskuratuko dugu armairu horietako bat erabili ahal izateko. Eskumuturrekoa itzultzean, 5 euroko bermea itzuliko digute, eta beraz, doako zerbitzua izango da”.
Beste berritasun bat hiru hondartzetan zutoihal batzuk jartzea izango da, donostiarrei oroitarazteko eta bisitariei jakinarazteko nolako kalitatea duten gure hondartzek, hirurek ere harrotasunez erakutsiko baitituzte ISO 14001 eta EMAS kalitate ziurtagiriak.
“Donostiako hondartzek 2000. urteaz geroztik ISO 14001 ziurtagiria dute eta 2003az geroztik EMAS erregistroan inskribatuak daude. Bi ziurtagiri horiek bermatzen dute gure hondartzetan egiten diren kudeaketek ingurumen aldetik jokabide egokia dutela eta horien eragina izan litekeen txikiena dela, eta beraz, ingurumen legeria betetzen dela bermatzen dute”, adierazi du Diezek.
Bi kalitate ziurtagiri hauei esker, Donostiak urteak daramatza bandera urdinik eskatu gabe, beste horiek askoz ere garrantzitsuagoak eta zorrotzagoak direla uste dugulako.
Hain zuzen ere, 2016ko urte honetan, araudiari jarraiki, erabat berrikusten ari gara sistema osoa, eta horrexegatik, egiten ari garen ikuskaritza lanak guztiz osatuak dira. Horien emaitza zuzena baldin bada, Donostiak 13 urte beteko ditu EMAS erregistro europarraren barruan, gure hondartzei ingurumen bikaintasunaren mailarik gorena bermatuz.
Ikuskaritza horietan, zenbait xehetasun hartzen dira kontuan, kalitate ziurtagiriak erdiesteari begira:
• Hondakinak: 2015ean erretiratutako hondakin kopuru osoa, aurreko urtearekin alderatuta, nabarmen handitu ez den arren, gaikako bilketari dagokionez igoera bat ikusi ahal izan dugu, hondartzan jarritako ontzien ehunekoa bikoiztu egin dela kontuan izanik. Esan daiteke hondartzetan sortutako hondakinen % 52 zabortegira ez joatea lortu dugula gaikako bilketari esker. Aurten hautsontzi-kukurutxak banatzea aurreikusi dugu, hondakinek hondartzetan duten eragina gutxitzearren.
• Ura: 2015ean, uraren guztizko kontsumoak ere ez zuen igoera nabarmenik izan. Aurten, hondartzetan jarritako dutxa zutoinetako lau “alkatxofak” berreskuratu ditugu, eta era horretan, aurreko denboraldietan dutxetan izan ditugun ilarak eragozten ahalegindu gara. Horrez gain, murriztu egin da dutxetan sakatze bakoitzaren ur-denbora, jendeak amaitu eta alde egiten duenean ura alferrik gastatu ez dadin.
• Energia: Joan den urtean kontsumoa dezente igo zen, aldageletan gas naturalaren kontsumo handiagoa egin zelako. Hondartzen garbiketa lanak egunero egiten dira, ardura handiz egin ere.
Denboraldi ofizialak garbiketa lanak areagotzera behartzen gaitu, hiriko hondartzak egunero-egunero garbi egon daitezen. Ekaineko lehen hamabostaldian eta iraileko azkenekoan 15 langile aritzen dira hondartzetan garbiketa lanak egiten. Goi denboraldian, hots, ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean, langile talde hori 25 lagunek osatzen dute. Baliabide mekanikoak: 3 traktore, 2 bahetzaile, atoian eramateko arrastelu bat, badia garbitzeko bi itsasontzi, gurdi-traktore bat eta ibilgailuak garraiatzeko kamioi bat.