Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko Zinegotzigoak, hiriko hainbat merkataritza-elkarterekin batera, horien artean, Centro Erdi, Auzoa, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa, Zaharrean, DendaSS, Bretxa eta Donostia/San Sebastián Shops, gaur, Donostiako Merkataritza Egunean, 2016ko Donostiako Saltoki Bereziari Saria eman diote Box San Sebastián eta Galparsoro okindegiari, euren ibilbide profesionala aitortuz. Ekitaldi horrekin, amaiera emango zaio hiriko merkataritza sustatzeko eta bistaratzeko kanpaina abian jarri den asteari. Merkataritza sektorea funtsezkoa da Donostiarentzako, hiriko ekonomiaren eragilea, enpleguaren sorreran duen garrantziagatik (8.883 pertsona enplegatu 2015eko Hiri-Ekonomiaren Barometroaren datuen arabera) eta hiriko BPGari egiten dion ekarpenagatik, %13a, eta, guztira, txikizkako 2.847 saltoki.
2016ko Donostiako Saltoki Bereziari Saria jasotzeko hautatutako saltokiak merkatarien elkarteek aurkeztutako hautagaitzetatik eta web orriaren bitartez jasotako hiritarren proposamenetatik ateratzen dira. Udal-taldeen ordezkariek, Turismoko zuzendariak eta Donostiako Sustapeneko teknikariek osaturiko epaimahaiak Box San Sebastián eta Galparsoro Okindegia hautatu zituen haien ibilbide profesional luzeagatik eta izaera berritzaileagatik. “Tokiko enpresariek kalitatearen eta berrikuntzaren alde egindako apustuagatik eta gauza desberdinak egitean hartutako arriskuagatik. Hori da erreferente den sektore hau mugiarazi behar duena eta hiriak bultzatu behar duena” adierazi zuen Ernesto Gasco jaunak, Jarduneko Alkatea eta Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotziak.
“Merkataritza donostiarraren lehiakortasuna gastua erakartzerakoan izandako joera positiboan eta bertako establezimenduen egonkortasunean islatzen da; horien artean, nortasun-ezaugarri gisa kalitatearen eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten izaera berezia duten enpresak daude” azpimarratu nahi izan zuen Gasco jaunak. Halaber, adierazi zuen “sendotutako eta erreferente diren saltokiei, pixkanaka, merkataritza-jarduera ulertzeko modu berriak barnebiltzen dituzten establezimendu berriak gehitzen doazkiela, produktuak eta zerbitzuak hibridatzen dituztenak eta gure merkataritza-maparen gero eta irudi modernoagoa eta sortzaileagoa eskaintzen dutenak. Horrek gure kaleak erakargarriago bihurtzen ditu bai bisitatzen gaituzten pertsonentzako bai Donostiako hiritarrentzako”.
BOX SAN SEBASTIÁN
Larruzko gaien kalitate handiko manufakturara 66 urtetik gora dedikatu den enpresa donostiarra da. Jatorria 1948an du, azaleratzen ari zen gerraondoko Donostian, Manuel Gonzalezek larrugintzan lehenengo urratsak eman zituenean. Ikaskuntzan zehar, Errege Etxearentzako, Udara Donostian igarotzen zutenean, zalduntzako apaingarriak lantzen ikasi zuen. 22 urterekin, lantegi txiki bat sortu zuen San Jeronimo kaleko teilatupe batean. Teilatuan, eguzkitan, garai hartako bidaiariek eskatutako maletak egiteko erabiltzen zituen larruak belzten zituen, garai hartan gustukoen zen kolorea lortuz. Artisau gazte eta ekintzaile hark ez zuen imajinatu ere egiten urte batzuk beranduago bere negozio txikia zenbateraino haziko zen bere emaztegai Pepi Baragaña andrearekin konpartitu zuen adoreari, grinari eta entregari esker, zeina, bere senargaiarekin batera murgildu zen larrugintza-abenturan. Denbora horretan guztian, familiako hiru belaunaldi inplikaturik egon direnean, Gonzalez Baragaña anaiek, egun, bi denda dituzte Donostiako erdigunean; eta, berrikuntzaren bideari jarraituz, teknologia berriez baliatzen dira lehiakortasunean eta euren bezeroei eskainitako zerbitzuan irabazteko. Euren dendak nahitaezko erreferentzia dira duten kalitate handiagatik eta produktuen desberdintzeagatik “Made in San Sebastian” produktuak bilatzen dituzten nazioarteko turismoarentzako. 2012an, marka nazioartekotzea erabaki zuten eta beraiek egindako poltsak eta larrukiak merkatu japoniarrera esportatzen hasi ziren. Informazio gehiago: http://boxsansebastian.com/
GALPARSORO OKINDEGIA
Galparsoro okindegiaren hastapenak 1933an aurkitzen ditugu; beraz 83 urteko antzinatasuna duen negozio baten aurrean gaude. Urte horretan, Miguel Galparsoro jaunak bere okindegia ireki zuen Kale Nagusiko 6. zenbakian eta, gaur, 75 urte beranduago, negozio hark irekita jarraitzen du, bere biloba Mikelen ardurapean; Mikelek sustraitutako tradizioaren espiritua hartzidura kontrolatzeko azken aurrerapenekin bateratzen jakin du. Mikelek bere helburua produktu gogo-gozoen eta osasungarrien barietatea eskaintzea soilik dela dio eta merkatu zail eta lehiakor honetan irautea egunero ogi bila datorren eta ogia erosteko dendatik kanporainoko ilaran zain egoteko gai den bezero adoretsuari esker lortu dutela. Barkamena eskatzen du horrengatik eta abaguneaz baliatzen da teknologia berriei esker epe ertainera, itxarote hori neurri batean arintzea itxaro duela aurreratzeko. Informazio gehiago: http://galparsorookindegia.eu/index.php
MERKATARITZARI BURUZKO DATUAK DONOSTIAN
2015eko Hiri-Ekonomiaren Barometroaren datuen arabera, hiriko saltokien kopuruak egonkor dirau, txikizkako merkataritzaren dentsitate handiarekin (15'30 establezimendu 1.000 biztanle bakoitzeko). Txosten horrek berak hiriak merkataritza-azalera 288.540 m2-ra arte (+%1'3) handitu duela adierazten du, baita establezimenduen bataz besteko azalera ere (104'8m2).
10 auzok euren merkataritza-eskaintza handitu egin dute edo bere horretan eutsi diote (Hirigunea, Amara, Antiguo-Ondarreta, Altza, Mirakruz, Añorga, Aiete, Ategorrieta, Zubieta eta Igeldok). Hirigunea da hiriko merkataritza-auzo nagusia, 1.075 establezimendurekin eta 1.000 biztanle bakoitzeko 49 dendako merkataritza-dentsitatearekin.
Merkataritza donostiarra, neurri handi batean, elikadura-sektorearekin lotuta dago; modak, oinetakoak eta osagarriak, drogeriak, lurrindegiak eta farmaziak jarraitzen diote. 2015ean, Donostiaren merkataritza-dentsitatea 1.000 biztanle bakoitzeko 15'3 establezimendukoa izan zen.