Iztuetako zubibidea Donostiako hiri bilbetik desagertuko da, ADIFek ontzat eman baitu Udalak planteatutako proposamena. Akordioa kontaktu eta bilera prozesu baten emaitza izan da, non hainbat aukera aztertu diren trenbideen trafikoan kalte handirik ez eragiteko konponbidearen bila.
“Akordioa lortu da, eta akordio historiko bat da, hiriko eremu oso baten erabateko eraldaketa ahalbidetuko baitu, Egia auzoa eta hiriaren erdialdea bereizten dituen lubakia kenduta” adierazi du Ernesto Gasco alkateordeak.
Orain dela egun batzuk, ADIFek ontzat eman zuen udal proposamena; hortaz, orain, behin betiko proiektua idazteko epea irekitzen da, eta urtebete barru lanak hasiko dira.
ADIFekin akordioa lortzea ahalbidetu duen proposamena soluzio honi dagokio: “kaxa bat sartzea trenbidearen azpian " “Hau da, trenbidearen azpian esparru estanko bat eraikiko da, eta harresietan eta lubetan sartzen joango da, trenbideari eutsiko dioten hormigoizko pantailak jarrita” adierazi du Ernesto Gascok.
Trenbidearen azpiko kaxa horrek 4,5 metroko galibo bat utziko du ibilgailuak igarotzeko, eta egungo zubibidea ordezkatuko du. Bide berriak hamar metroko zabalera edukiko du, eta hiru zirkulazio errai, bi Groseko noranzkoan, eta beste bat Egiako noranzkoan. Jardun honen bidez, espazio zabalak lortu ahal izango dira espaloiak egin eta berdeguneak egokitzeko,eta Mandasko Dukearen pasealekuaren kurban biribilgune bat egingo da, trafikoa auzoetara bideratzeko.
Trenbidearekiko paraleloan, oinezkoen pasabide bat egingo da, lurpeko bidearen bi aldeak lotzeko, eta Iztueta kaleko balkoiek, gaur egun zubibidearen hiru erraietara ematen duenek, inpaktu bisual eta akustiko txikiagoa izango dute, zirkulazio erraiak kota baxuagoan geratuko direlako.
Epeei dagokienez, urtearen amaieran obraren exekuzio proiektua entregatzea aurreikusten da. Martxoaren amaieran, ADIFen baimena lor daiteke, eta, beharrekoa den lizitazioa egin ondoren, lanak 2019ko irailean has daitezke, eta urte erdiko iraupena izango lukete.
Aldaketak egon daitezkeen arren, 6 milioi euro inguruko aurrekontua aurreikusten da.