Harkaitz Millan (Basquetour), Ernesto Gasco y Manu Narvaez
Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko Zinegotzigoak, Donostia Turismoa & Convention Bureauren bidez, martxan jarritako ekimenaren arrakastari esker Basquetourrekin akordio bat egin da eta Miramar Jauregiko bisitak urte-amaiera arte luzatzea lortu da.
Basquetourreko zuzendariak, Harkaitz Millánek, adierazi du “proposamen interesgarria dela, Jauregiaren erabilera ezezagun bat sustatzen duelako. Gainera, honi esker, hiritarrek eta bisitariek eraikinaren historiaren berri izateko aukera dute eta aldi berean hiria garai historiko horretan ezagutzen dute.”
Bere aldetik, Ernesto Gascok, Donostiako lehen alkateorde eta Turismo zinegotziak Eusko Jaurlaritzaren babesa eskertu du “orain, urte-bukaerara arte pertsona gehiagok gozatu ahal izango dute bisita gidatuekin. Jauregian, orain arte, itxiak zeuden lekuetan sartzeko aukera, hiriaren beste erakargarri bat bilakatu da eta akordio honekin programa finkatzea espero dugu.”
Lola Horcajo eta José Fernández Beobide historialari donostiarrek prestatu dituzten kanpoko informazio-panelak ere bertan mantenduko dira.
Bisita gidatuak urriaren 14tik abenduaren 30era arte egingo dira; asteburuetan, urriko zubian eta Gabonetan. Gidariek eskaintzen dituzten bitxikerien eta kontakizunaren bidez, garai hartako jauregiaren historia eta bizitza berregingo dute eta gune bakoitzean jatorrizko altzariak jarrita ez dauden arren, Donostia Turismoa & Convention Bureau-ren helburua jauregiko jatorrizko altzariak berreskuratzen saiatzeko lanean jarraitzea da.
Bisita gidatuak lau hizkuntzetan egiten jarraituko dira (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Iraupena 30 minutukoa izango da eta taldeak, gehienez, 20 heldu + 5 haurrekoak izango dira. 3 €-ko balioa izango dute. Txartelak Donostia Turismoa & CBren hiru informazioguneetan (Boulevard, autobus-geltokia eta Cervantes plaza) edo www.sansebastianturismo.com webgunean eskuratu ahal izango dira oraingoan ere (Shop / Jarduera Onenak).
Ekintza hori helburu nagusien artean turismoa deskontzentratzea duen Donostia VISIT-BIZI 2017-2021 Turismoko Gida Planeko estrategiaren baitan kokatu behar da. Miramar jauregia baliabide turistiko gisa bultzatuta, eskaintza turismo-gune nagusitik kanpo zabaldu eta turismo-fluxuaren mugimendua Antigua/Ondarreta eremura bideratuko dugu. Horrek, halaber, intereseko gertuko beste toki batzuk ezagutzeko aukera emango dio bisitariari (Haizearen Orrazia, Ondarreta hondartza, Antigua auzoko saltokiak eta ostalaritza eta abar).