Este sitio utiliza cookies, propias y de terceros, para dar un mejor servicio. Si continuas navegando entendemos que aceptas nuestra política de cookies.

VERSIÓN COMPLETA

VERSIÓN MÓVIL

PSE-EE DONOSTIA

SUSCRIPCIÓN AL BOLETÃN

EL TIEMPO EN DONOSTIA-SAN SEBASTIÃN

BERRIAK

2016 MAI 02

MAIATZEAN, ARGIZTAPENARI BURUZKO ESPAINIAKO 42. SINPOSIOA IZANGO DA DONOSTIAN

Maiatzaren 18tik 20ra, Argiztapenari buruzko Espainiako Sinposioaren egoitza izango da Donostia. Guztira, sektoreko enpresen, administrazio eta erakunde publikoen, ingeniarien eta unibertsitateen hirurehun bat ordezkari bilduko dira Kursaalean.

Donostiako alkate Eneko Goiak, Bide Publikoetako zinegotzi Alfonso Gurpeguik, Espainiako Argiztapen Batzordeko presidente Fernando Ibañezek eta Espainiako Argiztapen Batzordearen iparraldeko ordezkari Guillermo Redradok aurkeztu dute 42. sinposio hau, aurten Donostian izango dena.

Sinposioak iraungo duen hiru egunetan, argiztapenari buruzko berrogeita hamar bat txosten aztertuko dituzte, kontuan izanda argien % 95 udalenak direla. Besteak beste, hizpide izango dituzte mundu osoan zabaltzen ari diren LED teknologia berriak, energia eraginkortasuna, argi kutsadura edo azaltzen hasiak diren beste sistema batzuk, hala nola karbonozko nanohodiak, grafenoa, plasma eta laserra. Horrez gain, eztabaidagai izango dute argiztapen adimenduna, smart sistemen bidezkoa, bai eta aurrezteko eta kontsumoa murrizteko beste sistema batzuk ere.

Sektoreak urtero antolatzen du sinposioa, eta aurretik, azken edizioak aipatzearren, Badajozen (2015), Malagan (2014), Mataron (2013), Toledon (2012) eta Santanderren (2011) egin izan da.

Donostiako alkateak azpimarratu duenez, sinposioa aukera handia da, gastu energetikoa optimizatzea baita hiriek duten erronkarik handienetako bat. Eneko Goiak azpimarratu du energia eraginkortasuna bultzatuko duten ekimenak sustatzen jarraituko duela Donostiak, eta prest agertu da argiztapen sistema adimendunen abangoardian kokatuko gaituzten ekimenak sustatzeko, arlo horretan berrikuntzaren mapan jartzen baikaituzte. Ekimen horietako bat da, esate baterako, Smart Kalea.

Bestalde, Bide Publikoetako zinegotzi Alfonso Gurpeguik adierazi duenez, “Donostia aitzindaria da led argiak eta bestelako azken teknologiak ezartzen, bai eta beste esperientzia batzuk abian jartzen ere, esate baterako Kale Nagusiko Smart Kalea; horiei esker, % 53 aurreztu da kontsumo elektrikoan, eta laster Parte Zahar osora zabaldu eta Altzako auzora ere iritsiko da hori”.

Gurpeguik adierazi duenez, “Donostian, argiztapenaren faktura 2 milioi euro inguru izaten da urtean”, eta Udala, duela urte batzuetatik, faktura gutxitzeko politikak ezartzen ari da, gure kaleetako argiztapenari eragin gabe. “Gutxitzeaz hitz egiten dugunean herritarrek protesta egiten dute normalean, argiztapen maila jakin batera ohituta baitaude”.

CEIko presidente Fernando Ibañezek adierazi duenez, “Espainian argitazpen maila handia dago, Energia Eraginkortasunaren Araudian gomendatutakoa baino handiagoa”. Ezarritako mailara jaistea lortu behar dugu, pixkanaka. Beti esaten dugu herri latinoa garela, kalean bizi garela, eguzkitara ohituta gaudela… aitzakiak dira. Ezarritako mailetatik gora dagoen guztiak ez du ezertarako balio, gehiago gastatzeko eta argindarraren faktura gizentzeko baino ez”.

Sinposioa izango den egunetan, parte hartzaileek aukera izango dute hiriaz eta hemengo gastronomiaz eta aisialdiaz gozatzeko. Bitxikerietako bat da parte hartzaileek egun batez beren “dirua" erabili ohi dutela. Donostiaren kasuan, “Kontxa” izango da diru hori. Maiatzaren 19an, ostegunarekin, sinposioko parte hartzaileek 5 euroren balioa duten txanponak jasoko dituzte. Ekimenarekin bat egin duten Donostiako hogei bat taberna eta jatetxetan erabil daitezke txanpon horiek. Hurrengo egunean, jasotako txanponen zenbatekoa ordainduko diete sinposioaren antolatzaileek establezimendu parte hartzaileei.

PSE-EE DONOSTIA PSE-EE