Datorren larunbatean hasiko da, ofizialki, Donostiako hondartza denboraldia. Ohikoa denez, zerbitzu guztiak ez dira egun horretan hasiko, olanak, eguzkitakoak eta itzalkinak zain egongo baitira ekainaren 15a arte.
Larunbatean, sorospen zerbitzua hasiko da hondartzetan, 10:30etik 19:30era ekainaren lehen hamabostaldian eta irailaren azken hamabostaldian. Denboraldiko gainerako egunetan, ekainaren 15etik irailaren 15era, 10:00etatik 20:00etara luzatuko da sorosleen ordutegia. Aurten, BPXport enpresa arduratuko da hondartzak zaintzeaz, lehiaketa publikoa irabazi ondoren. Gurutze Gorria ez zen aurkeztu. 22 sorosle arduratuko dira Donostiako hondartzetako zaintza beharrez: 7, Kontxan; 6, Ondarretan eta Uhartean; 9, Zurriolan. Horrez gain, hondartzako koordinatzaile bat, hiru ontziko patroi eta koordinatzaile orokor bat izango dira. Guztira, 29 langile.
Ekainaren 15etik abuztuaren 31ra izango da Kontxako bainu lagundua, 11:00etatik 19:30era. Gainera, berrikuntza modura, irailaren lehen hiru asteburuetan ere izango da zerbitzu hau.
Hondartzetako aldagela kolektiboak ere udako ordutegira egokituko dira; ekainean eta irailean, 09:00etatik 20:00etara, eta, uztailean eta abuztuan, 09:00etatik 20:30era.
Gainera, indartzekoa da hondartza garbiketa. Zerbitzu hori egunero ematen du udalak, baina sendotu egiten da hondartza denboraldi ofiziala hasteaz batera. Hala, Miguel Ángel Díez hiri zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, hiru hondartzak gauez galbahetuko dituzte, eta goizeko 10ak baino lehen amaitu beharko dute beti, erabiltzaileei hondartza erabilera eta gozamena ahalik eta gutxien oztopatzearren. Ordu horretatik aurrera, eskuz garbituko dute, paperontziak hustuko eta sarbideak nahiz Kontxa hondartzako arkupea erraztatuko. Gabarroiak ere garbituko dituzte, eta flotagarriak ontzi batez bilduko dituzte, 18:00ak arte zerbitzuari eutsita. Guztira, 22 langile aritzen dira, egunero, hondartzak egoera onean iraunarazten.
Aurten, 10 “uharte” jarriko dira hondartza bakoitzean, hondakinak gaika biltzeko. Berritasun moduan, edukiontzi bat izango da hondakin organikoak jasotzeko.
Olanak, eguzkitakoak eta itzalkinak ekainaren 15etik irailaren 15era egongo dira eskuragarri. Oraindik badira esleitu gabeko olanak eta karpak. Uztailaren 31n amaituko da zozketan lortu ez zituzten interesdunei zuzenean saltzeko epea.
Hiruna gabarroi dituzte Kontxako eta Ondarretako hondartzek, eta Olatu Talka jaialdia igaro ondoren jarriko dira. Horiei, suzirietarako plataforma gehitzen zaie, gabarroi gisa erabiltzen baitute.
BESTE ZERBITZU BATZUK
Donostiako hondartzak EMAS eta ISO 14001 kalitate ezaugarriak dituzte, eta beste zerbitzu batzuk eskaintzen dituzte denboraldian, hala nola, Tintin Kluba Zurriolan (900 m2) Ondarretan (600 m2), Zurriola hondartzako hamakak (600 m2), boleibol kantxak (600 m2), Ondarretako piragua lekua (30 m2) eta izozki eta taberna kioskoak (hiru hondartzetan). Erreserbatutako eremu bat dute ezgaitasundun pertsonek ere, Ondarretan nahiz Kontxan.