Jadanik amaitu dute Kontxa pasealekuko euri uren kolektorearen obra, Antiguako tuneletik hurbilen dagoen eremuan egindakoa, eta, orain, tunelaren eta Errege Bainuetxearen artean Kontxako baranda aldatzeko proiektuaren lehen faseari ekin diote.
Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak adierazi duenez, “azken asteetan, euri uren kolektore berria jarri dute, euri uren hustubide guztiak konektatzeko; izan ere, orain arte, zuzenean hondartzara isurtzen zen ura, eta hori ez zen oso ona ingurumenaren ikuspegitik. Amaitu da kolektore berriaren obra, eta, orain, baranda aldatzeko lehen fasearekin hasiko gara, 200 metroko zati batean, gutxi gorabehera”.
Obraren fase honetan, kendu egingo dira baranda zatiak, horiei eusten dieten ostikoak, oinarrian duten zintarria eta pasealekuko farolak. Aldi berean, aldamio irten bat jarriko da pasealekuan, baranda berriaren oinarria prestatzeko eta, hala, kostako hormaren goiko aldea berritzeko. Aldamioak, lan plataforma izateaz gain, behar den segurtasuna emango du.
Fase honetan, kostako horma indartu eta hobetuko da, batez ere, pasealekuaren bukaeran, hor nahiko hondatua baitago. Horretarako, bota egingo da olatu hormaren azaleko geruza, eta behar besteko zuloa utzi, aldameneko koroatze habea egin ahal izateko; hor ainguratuko da, gero, olatu horma berria.
Hiri Proiektuetako zinegotziak adierazi duenez, “oso lan konplexua da, eta, bitarte horretan, pasealekuko bi begiratokien artean beste bide batetik joan beharko dute oinezkoek eta bizikletazaleek. Izan ere, lanek pasealekuko espaloi osoa hartuko dute, eta, beraz, kolektorearen obrak egiteko okupatuta egon den erreitik joango dira bizikletak, eta oinezkoak, berriz, oraingo bidegorritik”.
Desbideratzea urriaren 30etik aurrera egingo da.
OBRAS ESPECIALES DE CONSTRUCCIÓN E INFRAESTRUCTURAS S.A.U. enpresari esleitu zaio obra hori, 1 222 554,19 euroan. Ingurua prestatu ondoren, baranda zatiak (Porton ari dira egiten) urtarrilaren bigarren hamabostaldian hasiko dira ailegatzen.