2017ko Berotegi Efektuko Gasen Udal Inbentarioak datu esanguratsuak dakartza Donostiako egoerari buruz eta horri aurre egiteko ezartzen ari diren neurriei buruz.
Ekologiako zinegotzi Enrique Ramos sozialistak adierazi duenez, “inbentarioan jasotakoaren arabera, 2017an 857 kilotona CO2 isuri ziren Donostian, industriak isuritakoa kontuan hartu gabe. Horrek esan nahi du donostiar bakoitzak 4,6 tona sortu zituela urte horretan”.
Hain zuzen, Ramosek aurkeztu ditu Berotegi Efektuko Gasen Udal Inbentarioko datuak, eta, gogorarazi duenez, “hiriek oso zeregin garrantzitsua dute klima aldaketaren aurkako borrokan; izan ere, tokiko eskalan egiten dira planeta berotzea eragiten duten isuri asko. Duela hamarkada bat baino gehiago ari da Donostia planak diseinatzen eta ekintzak egiten, isuri horiek gutxitzeko eta klima aldaketak eragin ditzakeen inpaktuetara egokitzeko.
Ekologiako zinegotziak azpimarratu duenez, “garraioak sortzen du CO2 isurien erdia baino gehiago. Guztizkoaren %56,5 da hori, eta, kopuru horretatik, %63 auto partikularrek sortzen dute, %28 kamioiek eta furgonetek, eta % 6,7 autobusek. Isurien bolumen aldetik, zerbitzu sektorea da hurrena, 2017an isuri guztien %19 sortu baitzuen, batez ere elektrizitatearen, gasaren eta gasolioaren kontsumoagatik; hirugarrenik, etxebizitza sektorea dago, isuri guztien %16,6 sortu baitzuen. Atzerago daude hondakinen kudeaketa (%7,3) eta lehen sektorea (%1).
Datu negatiboa da 2016arekin alderatuz %5,8 hazi direla Donostiako berotegi efektuko gasen isuriak, eta biztanleko isuriak, berriz, %5,6. Igoerarik handienak zerbitzuen sektorean (%17) eta etxebizitza sektorean (%15) gertatu dira.
Enrique Ramosek adierazi duenez, “igoera hori ez da gertatu hemen bakarrik, Euskal Autonomia Erkidegoan izandakoaren antzekoa da, Ihobek argitaratutako Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioan jasotakoaren arabera. Zeren ondorio da hori? Igoera horren parte batek zerikusia du elektrizitatearen ekoizpenarekin, baina baita garraioaren, zerbitzuaren eta etxebizitzaren sektoreetan erregai fosil gehiago erabiltzearekin ere. Bestalde, hondakin gehiago sortu da, eta jaitsi egin da gaikako bilketaren tasa”.
Kontsumitzen dugun elektrizitate gehiena EAEtik kanpo sortzen da, eta kontsumo horrekin lotutako isuriak iturri berriztagarrietatik eta iturri berriztaezinetatik abiatuta Estatuak sortzen duen elektrizitatearen proportzioaren araberakoak dira. Hain zuzen, 2016. urtean, Kwh bat elektrizitate sortzeko, 0,25kg CO2 baliokide isuri ziren, eta 2017an, berriz, iturri berriztagarri gutxiago erabili zenez, Kwh elektrizitate bakoitzeko, 0,31kg CO2 isuri ziren.
Hala eta guztiz ere, Ekologiako zinegotziak adierazi duenez, “nahiz eta 2007-2016. urteetan bilakaera ona izan, 2017an isuriek gora egitearen ondorioz, nahi genituzkeen balioen gainetik jarri gara 2020an 2007. urtean baino %20 isuri gutxiago izateko helburua lortzeko. Beraz, 2030ean isuriak %40 murrizteko, ahalegin handiagoa egin beharko da.