Donostiak Platinozko Erratza jaso du, egun hauetan Madrilen egiten ari diren biurteko XV. lehiaketan.
Oraingo honetan, Donostiak Platinozko Erratza jasoko du hiri garbiketan egiten duen ahaleginagatik eta lan horretan erabiltzen duen ibilgailu elektriko kopuru handiagatik. Horri esker, nabarmen murriztu ditu atmosferara jaurtitako CO2 emisioak; 140 tona inguru urtean.
Miguel Angel Díez Bide Publikoetako zinegotziak, saria jasotzean, haren garrantzia nabarmendu du, “gure hiriak berreskuratu egin duelako bere lekua hiri garbiketan ahalegin handiena egiten duten estatuko hirien artean”.
Izan ere, Donostiak platinozko 5 erratz irabazi ditu jada, eta, gainera, aipamen berezi bat, urrezko erratz bat eta zilarrezko beste bat. Platinozko erratza sari nagusia da, eta hori lortzeko beste sariak eskuratu behar dira aurretik. Behin platinozko bat lortuta, era horretako sari gehiago eskura daitezke.
“Oviedorekin batera, era honetako sari gehien dituen hiria gara. Zoritxarrez, joan den legealdian platinozko erratza galdu genuen eta, orain, berreskuratu egin dugu, donostiar guztiak harro egoteko moduan”, adierazi du Miguel Angel Díezek.
Gure hiriarekin batera, Platinozko Erratza jaso dute ere (lehiaketaren sari nagusia) Oviedok, Laredok, Fuengirolak, Lleidak, Vigok, A Coruñak eta Malagak. Donostia edizio honetan saritutako Euskal Herriko hiri bakarra izan da.
Gainera, Mantentze departamentuko udal teknikariek, zinegotzi ordezkariarekin batera, aukera izan dute Madrilgo Azokan hondakin bilketaren merkatuko azken berrikuntzak ezagutzeko (edukiontziak, zaborrontziak, etab.).