Donostiako Ekonomia Sustapeneko zinegotzigoak hiriko Ekonomia Suspertzeko ESP 2021 Plana jarri du martxan Donostia Sustapenaren bidez. Plan horretan neurri ezberdinak jasotzen dira, 11 milioi euroko balio batekin, Covid-19 gaixotasunaren krisiak Donostiako herritarrengan sorrarazitako ekonomia-inpaktua arintzen jarraitzeko.
Merkataritza eta ostalaritzaren aldeko laguntza kontsumoko bonoen sorta berri batekin (milioi 1 euro bideratuko dira horretarako), jarduera mantentzeko zuzeneko laguntzekin eta zabor eta terrazen tasetan aplikatzeko hobariekin gauzatzen da. Ia laguntza guztietan estrategikotzat jotako kolektiboentzako gehigarri bat jasotzen da: emakumeak, gazteak eta 45 urtetik gorakoak.
Ekonomia Sustapeneko zinegotziaren, Marisol Garmendiaren, esanetan “% 10etik gertuko langabezia-tasa batekin, Donostia ekonomiaren suspertzea bultzatzen eta enplegua sortzen jarraitzea erabateko lehentasuna izaten jarraitzen du, bereziki tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreetan.
Horietara 3,2 milioi bideratzen ditugu zuzeneko laguntzetan eta auzo guztietarako kontsumo-bonoetan. 45 urtetik gorako langabe berriek, merkataritzaren, ostalaritzaren eta zaintzen sektorean beren enpleguak galdutako emakumeek eta gazteek dituzten zailtasunez jabetzen gara. Horregatik, kolektibo horiei begira jarriko gara zeharo, horiek zuzenean kontratatzeko laguntzak planteatuz, trebetasun digital eta enpleguko habia berritan horiek prestatuz eta proiektu berritzaileak abiaraztea ere bultzatuz. Ekintzailetzari emateko laguntzaz eta berrikuntzaren aldeko apustuaz, ekonomiaren digitalizazioaz eta tokiko enplegua eta talentua bertan gelditzea lortzen ari den enpresa-ekosistemarekin garatzeko elkarlana ahantzi gabe.