Aintzieta pasealekuan (Txomiñene auzoa) kota igotzeko egiten ari diren lanak azken txanpan sartu dira, eta, eguraldiak asfaltatzen uzten badu, datorren astean irekiko dute bidea.
Gune Publikoetako eta Hiriko Proiektuetako zinegotzi ordezkari Marisol Garmendia sozialistak adierazi duenez, “bi hilabetez obretan egon ondoren, amaitzear daude lanak, eta laster pasatu ahal izango dira ibilgailuak Loiola eta Martutene lotzen dituen errepide horretatik. Obra epe barruan egin da, eta espero dugu euririk ez egitea, lanak bukatu ahal izateko”.
Obra 1,1 milioi euro kostatu da, eta, denera, 11.226 m3 betegarri jarri dute, San Bartolome muinoan egiten ari diren obretako lurrak baliatuz. Helburua zen pasealekuaren kota Txomiñene berriarekin berdintzea, uniformetasuna gordetzeko eremu osoan; hala ere, pasealekuaren muturretan lehengo kotara jaisten da, malda txiki baten bidez.
Gainera, «zuhaitzen banda berde bat ere jarriko da, 2,5 metroko zabalerakoa, bidegorri eta espaloi berriak Aintzietako bideko trafikotik babesteko»; horrez gain, Adifen geralekuko arrapalak eta eskailerak egokitu egingo dira. Horri dagokionez, Garmendiak adierazi du, nahiz eta bidea ireki, lan horiek egiten jarraituko dutela, bai eta espaloi berriak egiten eta inguruaren berrurbanizazioa amaitzen ere.