Ernesto Gasco, Eneko Goia, Enrique Ramos eta Rafa Farias
Planean, etxebizitza hauek egitea aurreikusi da: sustapen pribatuko 1.808 etxebizitza, Sarrueta, Antzita, Esnabide eta Lorategi Hirian, besteak beste; udal-sustapeneko 1.660 etxebizitza, zuzkidura apartamentutzat, Amara Zaharrean, Altzan eta Alde Zaharrean; eta beste 1.080 etxebizitza, Morlans, Altza, Loiolako Erribera eta Txomin Enean.
Udal Gobernuaren iritziz, herritarrek etxebizitza arloan dituzten eskaerei erantzutea dute xede garapen horiek, nahiz eta jakin ez dutela behin betiko konponduko hainbat hamarkadatako kezka iturri nagusietako bat, hiriko lurzoruaren eta etxebizitza libreen garestitzea dela eta.
BESTE IKUSPEGI BAT ETXEBIZITZA ARLOAN
Planean, zenbait helburu estrategiko zehaztu dira, herritarren egungo beharrei aurre egiteko. Besteak beste, lehentasuna eman behar zaio dagoeneko eraikita dagoen hiriari, eta, horretarako, hainbat neurri ezarri behar dira, hala nola mugikortasun arloan bereziki sentiberak diren kolektiboen (esaterako, adineko pertsonen) irisgarritasuna hobetzea, eta, birgaitzeko diru laguntza publikoen bitartez, etxeak zatitzeko aukera erraztea, merkatuan eskaintza zabalagoa eman ahal izateko.
JARDUKETA PUBLIKO-PRIBATUAK
Etxebizitza Planean alokairuko zuzkidura apartamentuak sustatzea planteatu da, bai adinekoentzat bai gazteentzat. Hala, zenbait jarduketa aurreikusi dira Amaran (Amara Zaharra), Altzako Eraikuntza Institutuan, Manteon, Monsen (Intxaurrondo), Ondarretan eta Orixe ikastolaren eraikin zaharrean (Alde Zaharreko Kanpandegi kalean). Etxebizitza publikoen arloan dituen eskumenak baliatuz, Eusko Jaurlaritzak ere zenbait jarduketa egitea aurreikusi du, Morlans eta Loiolako Erriberako zuzkidura-apartamentuak, hain zuzen.
Horrez gain, babes ofizialeko etxebizitzen beste sustapen batzuk jaso dira, alokairukoak batez ere, Illarra bidean (Udaletxea), Altzan eta Txomin Enean; bi modalitateak Eusko Jaurlaritzak sustatuta egingo lirateke.
Ekimen pribatuko etxebizitzen sustapenari dagokionez, Esnabide, Sarrueta, Antzita, Lorategi Hiria, Jolastokieta, Txingurri, San Luis eta Añorgako garapenak jaso dira; garapen horien baitan, 1.808 etxebizitza egingo dira, guztira, 2022ra bitartean.
DONOSTIAKO ETXEBIZITZA ERRADIOGRAFIA
Une honetan, 88.675 etxebizitzak osatzen dute hiriko etxebizitza parkea, eta dentsitate handienak Amara Berri, Erdigunea, Gros, Altza eta Antiguo auzoetan daude. Donostian, 186.000 biztanleko errolda izanik, 2,4 pertsona bizi dira, batez beste, etxebizitza bakoitzean.
Etxebizitzen % 30,4n pertsona bakarra bizi da, eta % 29,8n, bi pertsona bizi dira; horrenbestez, etxebizitza parkearen gehiengoan, etxeen % 60,2n, kide bakarreko edo bi kideko bizikidetza unitateak bizi dira.
Eusko Jaurlaritzak 2015ean egindako inkesta baten arabera, 18 eta 44 urte bitarteko 8.414 pertsonak eskatzen zuten etxebizitza bat. Horrez gain, % 7,3k etxez aldatzeko beharra zuen, eta % 10,7k, etxea birgaitzeko eta bertan hobekuntzak egiteko beharra.
2017an, 9.600 pertsona zeuden Etxebiden izena emanda, etxe eskatzaile gisa (6.863 Donostian erroldatuta zeuden); eskatzaile gehienek (% 72,3k) alokairuko etxea eskatzen zuten, eta gainerakoek azalera-eskubidearen lagapenean nahi zuten etxea.
Alokairuari dagokionez, indarrean den etxebizitza erroldaren arabera, etxebizitza guztien % 14 dira alokairukoak. Bestalde, uste da 3.885 etxe, beren ñabardura eta kasuistika guztiak kontuan hartuta, hutsik daudela.